Sadat, Anwar al-
Egiptoar militarra eta politikaria (Mit Abu al-Kum, al-Minufiyah, 1918 - Kairo, 1981). Kairoko akademia militarrean ikasketak egin ondoren (1938), alemaniarrei lagundu zien Bigarren Mundu Gerran britainiarrak Egiptotik egozten. Ingelesek atxilotu zuten, baina ihes egitea lortu zuen (1942). Ofizial Askeen taldeko kide egin zen eta Faruk erregea kargutik kendu zuen 1952. urteko kolpe militarraren bidez. Nasser jarri zen aginpidean eta oso kargu garrantzitsuak izan zituen Sadatek: batzar nazionaleko lehendakariorde (1960-1968), errepublikako lehendakariorde (1964-1966; 1969-1970) eta lehendakari, 1970. urtean Nasser hil zenetik bera hil zuten arte. Sobietarrekiko harremanak eten zituen (bertan zeuden teknikari sobietarrak egotzi zituen errepublikatik) eta erabat hurbildu zen Estatu Batuen nahietara. Bake hitzarmenak izenpetu zituen Israelgo estatuarekin 1978-1979 urteetan; horrek inguruko arabiar herrien eta sobietarren haserrea piztu zuen, bestalde. Bakearen Nobel saria irabazi zuen 1978. urtean Menachem Begin Lehen ministro israeldarrarekin batera. Israelekin sinatutako bake hitzarmenaren aurka zegoen talde musulman batek hil zuen 1981. urtean. 1978. urtean argitaratu zen Sadaten autobiografia bat, In Search of Identity (Nortasunaren bila).