Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Savoia

(Fr. Savoie). Frantziako hego-ekialdeko antzinako lurraldea, gaur egun bi departamendutan banatua: Savoie (Savoia) eta Haute-Savoie (Savoia Garaia). Rhône-Alpes eskualdearen barnean daude gaur egun bi departamendu horiek. Mugak: iparraldean, Suitza (Geneva-Vaud); ekialdean, Italia (Piemonte); hegoaldean, Alpe Garaiak departamendua, eta, mendebalean, Isère eta Ain departamenduak. Hiri nagusiak: Chambéry, Annecy. Savoiako antzinako lurraldeari loturik egon da historian zehar Geneva-ko hiria. v Hizkuntza. Savoiako berezko hizkuntza franko-proventzera da (Savoiako dialektoa); egun, ordea, guztiz nagusi da frantsesa eremu guztietan. v Historia. Erromatarren garaia baino lehen allobrogo zeltak bizi ziren egungo Savoian eta, borroka luze baten ondoren, erromatarren mende geratu ziren K.a. 121. urtean. I. mendean Gallia Narbonensis lurraldearen barnean geratu zen. IV. mendean ageri da lehenengoz Sapaudia izena (hortik dator egungo izena). 437. urtetik aurrera burgundiarrak nagusitu ziren eta 534an Burgundiako erreinu frankoaren barnean geratu zen. Karolingiar erreinua desegin zenean, Erromako eta Germanietako Inperio Santuaren mendeko lurralde bihurtu zen, eta XI. mendearen erdialdean Savoiako etxea sortu zuen Hunberto I.a Eskuzuri deituak. Alpeetako lurretara, Piemontera eta bestetara zabaldu zen etxe haren aginpidea. Alpeetako mendate nagusiak Savoiako kondeen eta dukeen esku egon ziren luzaroan, eta XVI. mendetik aurrera behin baino gehiagotan sartu ziren frantses osteak han. Geneva-ko hiria Erreformaren eraginpean geratu zenean, Turin aldera jo zuten Savoiako dukeek (1563), Chambéry utzirik. Karlos Manuel I.a izan zen Genevako hiria berreskuratzeko borrokatu zen Savoiako azken dukea (1602) eta Viktor Amadeo I.a haren semeak Savoiako lur asko berreskuratu zituen (1630-1637). Viktor Amadeo II.ak (1675-1730) Sardinia eta Milan aldera zabaldu zituen bere lurrak. 1740-1748 bitartean, Austriako Erregetzarako Gerraren garaian, Espainiako gudarostearen mende geratu zen Savoia, eta 1792an Frantziako iraultzaren gudarosteak hartu zuen. 1815ean Sardiniako erreinuaren mende geratu zen eta 1860. urtean Frantziaren barnean, Niza-ko hiriarekin batera. Bi lurralde hauen truke onartu zuen Napoleon III.ak Savoiako etxeak Italiako erreinua antolatzea.