sabana
iz. Geogr. Tropikoko eta Tropiko inguruko ordoki lehorra, zuhaitz eta zuhaixka sakabanatuak eta belar luzeak ezaugarri dituena. Afrikan (Sudan, Nigeria, Angola…) eta Hego Amerikan (Venezuela, Brasil) daude sabanak, eta baita Madagaskarren eta Australian ere, baina bakanagoak dira. Sabana lurraldeetan bi urtaro izaten dira, euritsua eta lehorra. Bi landaredi mota dira nagusi: bata metro inguruko zuhaitzez eta zuhaixkez osatua, eta bestea belar luze (1-4 m) eta graminazeoen familiako landareez. Azken horiek euririk ez denean lehortzen dira, eta euri-aroan berpizten. Sabanako zuhaitzak ez dira oso garaiak, arantzatsuak dira eta hostoak txikiak dituzte; asko akaziaren familiakoak dira. Palmondoak eta kaktusak ere ugari izaten dira. Lehoiak, leopardoak, tximuak, basa zakurrak, ostrukak, saiak, arranoak eta aztoreak bizi dira, batez ere, sabanan.