Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saba

(Biblian, Sheba). Gaur egungo Yemengo errepublikan zegoen islamaren aurreko erresuma. K.a. VIII. mendean aipatzen da lehen aldiz, Asiria Sabari garaitu zitzaion garaian, hain zuzen. Mukarrib izeneko apaiz gorenek gobernatzen zuten erresuma. Marib eta Zufar izan ziren, hurrenez hurren, erresumako hiriburuak. Oparotasun handia izan zuen kristau aroa iritsi aurretik: ureztatze sare handiak antolatu ziren, eta Abisiniako kostalderaino hedatu zen Sabako erresuma. Kristauen eta juduen eragina izan zuten hango biztanleek, eta 525. urtean etiopiarrek hartu zuten lurraldea. Marib-eko ur-hesi handiaren hausturak guztiz txirotu zuen lurraldea eta sabatarrek emigratu behar izan zuten (542). 570. urtean pertsiarrek konkistatu zuten. v Sabako erregina. Bibliako Testamentu Zaharrean agertzen den pertsonaia, Testamentu Zaharraren arabera Salomon erregearen ospeak eta jakituriak erakarrita Israelera jo zuena. Salomonekin hitz eginik eta opari truke bat egin ondoren, bere erresumara itzuli zen erregina. Balkis edo Bilqis izena ematen zaio Koranean; abisiniarrek Makeda deitzen zuten.