Saatchi, Maurice
Britainiar publizista (Bagdad, Irak, 1946). Aita inportatzailea zuen eta 1947an Ingalaterrara joan zen familiarekin antisemitismotik ihesi. Saatchik London School of Economicsen egin zituen ikasketak, eta soziologiako lizentzia eskuratu zuen. Ondoren argitalpenaren munduan sartu zen, baina lan hura utzi egin zuen bere anaia Charlesekin publizitate agentzia bat sortzeko, Saatchi&Saatchi. Agentzia hura garrantzi handiko konpainia bihurtu zen eta beste enpresa batzuk bereganatu zituen. 1979an bere agentzia Britainia Handiko handiena zen, 1981ean Europako handiena eta 1986an munduko handiena. 1978an Saatchi&Saatchi etxeak Margaret Thatcherren kanpaina babestu zuen, eta ondoren agentziak ikerketa eta aholkularitza zerbitzuak eman zituen. 1987an finantza gorabehera handiak izan zituen, baina 1992an Hego Afrikako William de Klerken aldeko erreferenduma aurrera eramateko kontratatu zuten Saatchi&Saatchi.