Rutherford, Ernest
Ingeles fisikaria (Nelson, Zeelanda Berria, 1871 - Cambridge, 1937). Cambridge-en egin zituen ikasketak, eta Cambridgeko Cavendish laborategian J.J. Thomson-en gidaritzapean aritu zen. Montréalen, Manchesterren eta Cambridgen irakasle izan zen; Cambdrigen katedra lortu eta Cavendish laborategiko zuzendari izendatu zuten. Geroztik ospe handia izan zuten fisikari askoren maisua izan zen laborategi horretan. 1925ean Britainiako Erregeren Elkartearen lehendakari egin zuten. Rutherford-en lanak oso ezagunak dira hainbat alorretan: materiaren osaera, erradioaktibitatea, atomoen arteko trasmutazioak eta gasen ioitzea. Becquerel-ek egin zuen erradioaktibitatearen aurkikundean sakonduz frogatu zuen ustez aldagaitzak ziren gai bakun batzuk, irradak igorriz, deskonposatzen zirela eta beste gai bakunak eratzen zituztela. Gai erradioaktiboek igortzen dituzten alfa eta beta partikulak bereizi zituen, eta Soddy-rekin batera desplazamendu erradioaktiboen legea eman zuen argitara 1903an. 1906an alfa partikulen elektrizitate kargaren eta masaren arteko erlazioa (e/m) neurtu zuen, eta partikula horiek helioaren nukleoz eratuta daudela frogatu zuen. 1908an eraldaketa erradioaktiboetan askatzen den energia kalkulatu zuen Geiger-ekin batera. Aston-en laguntzarekin neutroiaren masa neurtu zuen. Rutherford izan zen atomo nuklearraren teoria (nukleoa erdian eta elektroiak inguruan biran) adierazi zuen lehen zientzialaria; berak egin zuen lehen transmutazio erreakzioa 1919an, nitrogenoa alfa partikulaz bonbardatuz eta hidrogenoa eta oxigenoaren isotopo bat lortuz. Orobat, berak aurkitu zuen gai erradioaktiboen batez besteko bizia, eta aurkikunde hori harrien adina mugatzeko ikerketen zerbitzuan jarri zuen. 1908an Kimika Nobel saria eman zioten.
- Rut
- Rutebeuf
- rutenio
- Ruthenia
- rutheniar
- Rutherford, Ernest
- Rutherford, Margaret Dama
- rutherfordio
- Ruttmann, Walter
- Ruvuma
- Ruwenzori