Russell, Bertrand Arthur William
Galestar filosofo, matematikari eta gizarte erreformatzailea (Trelleck, Gales, 1872 - Penrhyndeudraeth, Gales 1970). Lord John Russell kondearen biloba izan zen, eta 1931. urtean konderriaren jabetza hartu zuen. Matematikari gisa Russellek Cambridge-eko unibertsitatean irakasle zela egin zituen lanik garrantzitsuenak, Principles of Mathematics (1903) eta Alfred North Whitehead-ekin batera idatzi zuen Principia Mathematica (1910-1913, hiru ale); lan horietan matematika legeak logikaren oinarrizko axiometatik deduzitzen direla frogatzen saiatu zen, besteak beste. Haren lanak eragin handia izan zuen XX. mendeko logika sinbolikoan, multzoen teorian eta positibismo logikoan, bereziki bere ikasle L. Witthenstein-en obran. Matematikaz nahiz logikaz egindako lanak garrantzi handikoak izan ziren, baina zabaltzen ahalegindu zen ikuspuntu sozialaregandik egin zen Russell ezagun. Bigarren Mundu Gerran zehar bakearen alde lan handia egin zuen. 1927. urtean emaztearekin batera Beacon Hill School eskola esperimentala sortu zuen. 1930. urtean esamesak sortu zituen ezkontzari, sexuari, adulterioari zein homosexualismoari buruz idatzi zituen lanek, gai horietan jarrera irekia eta tradizioaren kontrakoa izan baitzuen. Bakezaletasunari uko egin zion naziek beren indarra etengabe handitzen zutela ikusi zuenean, baina higikunde hartara itzuli zen berriro bonba atomikoaren aurka sortu zen ban the bomb (bonba debekatu) mugimenduaren buru gisa. 1960. urtean Estatu Batuek Vietnami egindako erasoaldiaren aurkako mugimendua antolatu zuen Jean Paul Sartre frantses intelektualarekin batera. Haren ez ohiko ideiak zirela eta, Russell aurrerabide akademiko arruntetik aldendu zen eta batik bat zabalkunde handia izan zuten idatziez bizi izan zen harrezkero. Lan nagusiak: Marriage and Morals (1929, Ezkontza eta morala), A History of Western Filosofy (1945, Mendebaleko filosofiaren historia) eta autobiografia (hiru ale, 1967 eta 1969 urte artean idatziak). 1950. urtean literatura Nobel saria eman zioten.
- Rushdie, Salman
- Rusiñol, Santiago
- Rusk, David Dean
- Ruska, Ernst August Friedrich
- Ruskin, John
- Russell, Bertrand Arthur William
- Russell, Henry Norris
- Russell, Ken
- Russell, Morgan
- Russolo, Luigi
- Rustaveli, Shota