Rossellini, Roberto
Italiako zinemagilea (Erroma, 1906 - Erroma, 1977). Lehenengo film luzeak faxismoaren propagandarako egin behar izan zituen. Roma, città aperta (1945, Erroma hiri irekia) filmak hiri suntsitu baten sufrimendua eta bizi nahia kontatzen du oso baliabide gutxitaz eta dokumental estiloan; Paisá (1946) filmak gerraren amaiera kontatzen du estilo berean. Nazioartean arrakasta eta eragin handia izan zuten bi film horietan Rosselinik sortu zuen estiloari neoerrealismoa deitu zitzaion. Germania anno zero (1947) Francesco, giullare di Dio (1950, Frantzisko, Jaunaren koblakari) Frantzisko Asiskoaren bizia kontatzen duena; Dov’è la liberta? (1952, Non da askatasuna?) filmetan, beste gai eta generoak landu zituen. Ingrid Bergman antzezlearekin ezkondu zen eta film bikainak egin zituzten elkarrekin, beren harremana agertzen zutenak: Stromboli, terra di Dio (1950, Stromboli, Jainkoaren lurra), Viaggio en Italia (1953, Bidaldia Italian barrena), La Paura (1954, Beldurra). 1957an India dokumental neoerrealista egin zuen antzezle ezezagunekin, Il generale della Rovere (1959) filmak arrakasta handia izan zuen. Zinema utzi zuen eta telebistarako filmak egin zituen; didaktikoak, dokumental historikoak eta biografiak: L’etá del ferro (1964, Burdinaroa), La presa di potere di Luigi XIV (1966, Luis XIV.ak aginpidea hartu zuenean), Socrate (1970), Il Messia (1975).