Arroxela. ;(
Fratsesez, La Rochelle). Frantziako mendebaleko hiria eta portua, Charente-Maritime departamenduko hiriburua (Poitou-Charentes), Ré uhartearen parez-pare. 81.884 biztanle. Frantziako bigarren arrantza portua da; industriak ere garrantzia handia du ekonomian (destilategiak, metalurgia, burdinbiderako gaiak, kimika industria, ontziolak, petrolio findegiak, autogintzarako gaiak, janari industria). Hiri eta portu ikusgarria da eta ondo gorde ditu behinolako monumentuak. Aipagarriak dira portuko Chaîne (1375), Saint-Nicolas (1350-1384) eta Lanterne (1445-1468) dorreak, hiri zaharrerako sarrerako atea eta erlojua (XIII-XVIII. m.) eta Berpizkundeko udaletxea eta artzapezpikuaren egoitza. v Historia. 1023. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Rupella izenaz. Ingelesen mende egon ondoren (1152-1226 eta 1360-1372) frantsesek berreskuratu zuten Gaztelako Henrike II.ak Karlos V.ari bidalitako laguntzari esker. Gaztelako itsas armadak Arroxelako itsasertzean Ingalaterrako eta Hansako itsas armadak menderatu zituenean (1419), euskaldunen esku geratu ziren portu garrantzitsu horretako merkataritza jarduerak. 1573an beste setio bat jasan zuen hiriak, eta protestanteak kokatu ziren han Nîmes eta Montauban hirietan bezala. Richelieu-k setiatu zuen berriro ere 1627-1628 urteetan protestanteak handik egoztearren, eta frantsesak jabetu ziren hiriaz biztanleak gosete luzean eduki ondoren. Kanada Britainia Handiaren mende geratzeak (1685) eta Louisiana eta Santo Domingo galtzeak portuaren gainbehera eragin zuten XIX. mendetik aurrera. Joannes Leizarragak Biblia Kalbinadarra Arroxelan itzuli zuen, eta bertan argitaratu zen 1571. urtean.