Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rias Baixas

Galiziako mendebaleko eskualdea, Coruñako eta Pontevedrako herrialdeetan, Muros eta Vigoko itsasadarren artean. Vigo eta Pontevedra dira hiri nagusiak. Bi erliebe mota bereizten dira: itsasertzeko zerrenda beherea eta guztiz estua (100 m gora, 5 km gehienez) eta barnealde menditsua (500-1.200 m bitarteko garaia). Itsasadar luze zabalek (30 km) eraturiko lurraldeak daude eskualde osoan. Hauek dira itsasadarrak iparraldetik hegoaldera: Muros, Noia, Arousa, Pontevedra eta Vigo. Barbanzako penintsula dago Murosko eta Noiako itsasadarren artean, Cambados-ko penintsula Arousakoaren eta Pontevedrakoaren artean eta Morrazokoa Pontevedrakoaren eta Vigokoaren artean. Klima heze epela da, eta pinua da nagusi gaur egun, arras bakandu baitira jatorrizko hariztiak. Vigotik eta gainerako hiri nagusietatik kanpora, arrantza eta nekazaritza dira ekonomia jarduera nagusiak.