Rhetia
(Lat. Raetia). Europako erdialdeko antzinako lurraldea, Alpe mendien erdialdean, egungo Grisoien kantonamenduaren, Tirolen eta Lonbardiaren artean. Herri zeltak bizi ziren Tiberiok eta Drusok konkistatu zutenean (K.a. 15). Tridentum (Trento), Castra Regina (Regensburg) eta Castra Batava (Passau) ziren lurralde hartan erromatarrek gotortu zituzten hiri nagusiak. Behe Inperioan ordea, bi probintziatan banatu zen Rhetia: Raetia Prima (hiriburua, Coira) eta Raetia Secunda (hiriburua, Augsburgo). Barbaroek bipildu zuten lurraldea V. mendean. Teodoriko Handia hil zenean bavariarren mende geratu zen Rhetia eta handik aurrera zabaldu zen lurralde haietako germaniartzea, Tirol aldean bereziki. Lurralde horretan zabaldu ziren hizkuntza erretorromanikoak, latinaren ondorengoak, hain zuzen.