Renaixença
(Eusk. «Berpizkundea»). Katalandar kulturaren aldeko higikundea, XIX. mendearen lehen erdian Katalunian abiatu eta gero beste Herrialde Katalanetara (Valentzia, Balearrak) hedatu zena. Hiru mendeko gainbehera kulturala gainditzea eta behialako literaturaren distira berreskuratzea zen higikundearen helburua. Hala, 1833an Bonaventura Carles Aribau-k argitaraturiko Oda a la Pàtria hartu ohi da Renaixençaren abiapuntutzat. Beste zenbait egitatek lagundu zuten giro hura sortzeko orduan, hala nola 1835ean Bartzelonako unibertsitatea berriro irekitzea –baita Cervera-ko unibertsitate absolutista ixtea ere–, eta 1836an Espainian halako adierazpen askatasuna ezarri izana. Poeta liberal batzuek Aribau-k urraturiko bidetik ekin zioten, besteak beste, A. de Gironella, P. Mata, J. Sol i Padrís-ek. Geroztikako belaunaldiak katalanera jarduera guztietan erabiltzea bultzatu zuen, eta literatura ekoizpen serioa eta iraunkorra egin zuen; idazle nagusiak J. Cortada, M. Milá i Fontanals, P. Pifarrer eta J. Rubió i Ors dira. Giro erromantikoa izan zen nagusi (W. Scott-en eleberrien itzulpenak, M. Aguiló-k eta Milà i Fontanals-ek herri poesiaz egindako lanak). Bestalde, 1859an Lore Jokoak berriro jarri ziren indarrean, haietan Erdi Arokoen erededura Aragoiko koroaren mendeko herrialdeek parte zutela (Mallorca, Valentzia, Roselló, Alguer). A. de Bofarull eta V. Balaguer dira Lore Jokoen belaunaldiko idazle nagusiak. Lore Jokoetan sarituak, J. Verdaguer, A. Guimerà, E. Vilanova, E. Vidal i Valenciano beste askoren artean, hurrengo garaietako aitzindariak izan ziren. Belaunaldi horri dagozkio, bestalde, Renaixençaren zabalkunde lan handia egin zuten aldizkariak, argitaletxeak eta elkarteak. 1890 inguruan hasierako kultura berpizkunde horren berezitasuna amaitutzat har daiteke, modernismoak haren lekua hartzen zuelarik nahiz eta beste ikuspuntu batzuetatik Reinaxençaren printzipioei eusten zien.