Renania-Palatinatua
(Al. Rheinland-Pfalz). Alemaniako mendebaleko land edo estatua, 1946an eratua. Mugak: iparraldean, Renania-Westfalia; ekialdean, Hessen eta Baden-Württemberg; hegoaldean, Saarland eta Alsazia, eta mendebalean, Luxenburgo eta Belgika. 19.848 km2 eta 3.611.437 biztanle (1987). Hiriburua: Mainz. Hiri nagusiak: Ludwigshafen, Koblenza, Trier, Kaiserlautern, Worms, Pirmasens, Neustadt an der Weinstrasse. v Orografia eta klima. Estatuaren zati handiena Rhin ibaiaren ezkerraldean dago. Iparraldean haran sakonak eratzen ditu Rhin ibaiak eta 400-600 m gora dira mendi nagusiak. Mosela ibaia, ezkerraldetik, eta Lahn ibaia, eskuinaldetik, hartzen ditu Rhinek iparraldean. Hegoaldea menditsua da (Palatinatuko mendiak, Haardt mendiak) eta oihan zabalak ditu (Pfalzer Wald «Palatinatuko oihana»). Erdialdean Eifel eta Hunsbrück-eko goi-ordokiak daude. Hegoaldean Rhin ibaiak Nahe ibaia hartzen du ezkerraldetik. Klima kontinentala da: 10 °C eta 500 mm euri urtean batez beste Mainz-en. v Biztanleak eta hizkuntza. 182 biztanle bizi dira km2-ko batez beste Renania-Palatinatuan. Biztanle gehienak frankoak dira jatorriz eta alemanaren frankoniar dialektoan mintzo dira. Europako hegoaldeko etorkin ugari ere bada industria hirietan. Kristau katolikoa da erlijio nagusia. v Ekonomia. Zurgintza munta handikoa da Eifel eta Hunsbrück goi-ordokietan eta Haardt mendietako basoetan; iparraldeko mendietan laboreak eta patata egiten dira. Nekazaritza garrantzitsua da Rhin ibaiaren bazterretan (barazkiak, erremolatxa, lupulua…). Ospe handiko ardoak egiten dira Rhin eta Mosela ibaien bazterretan (Deutsche Weinstrasse, «ardoaren bidea»). Industria aberatsa eta askotarikoa da: mekanika industria (Trier, Spire, Worms), trenak eta burdinbide gaiak (Mainz), josteko makinak (Kaiserlautern), larrukiak eta oinetakoak (Pirmasens), harri bitxiak (Idar Oberstein). Ludwigshafen-en dago Alemaniako kimika industriagune handiena. Turismoak garrantzi handia du Renania-Palatinatuan. v Historia. ik. Renania.