Redondo Terreros, Nicolás
Bizkaitar politikaria (Barakaldo, 1958). PSE-EE alderdikoa, eta Nicolás Redondo Urbieta UGTko buruzagiaren semea. Zuzenbidean lizentziatua da. Haurtzaroan Las Hurdesen eman zituen hainbat urte, bere aita han baitzegoen erbesteratua. Gaztedi Sozialistetan hasi zen politikagintzan, eta 1989an Bizkaiko sozialisten idazkari nagusi hautatu zuten. Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusi bezala bederatzi urte eman ondoren, 1997an Euskadiko PSE-EEko idazkari nagusi hautatu zuten alderdiaren III. Kongresuan. Instituzioetan ere izan du kargurik: Bizkaiko Foru Aldundian Garraio Diputatu izan zen, Eusko Legebiltzarreko kide II Legealdian, Espainiako Gorteetan Diputatu 1993tik 1997ra… 1998an, alderdi barruko hauteskundeak egin ondoren, lehendakarigai izendatu zuten bere alderdikideek. PSOEk 2000. urtean egin zuen 35. Kongresu Federalean PSOEren Batzorde Agintariaren kide eta Harreman Instituzionalen arduradun hautatu zuten, eta urte berean PSE-EEk egin zuen IV. Kongresuan PSE-EEren idazkari nagusi hautatu zuten berriro ere. 2001. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzarrerako hauteskundeetan lehendakarigaia izan zen.