Redon, Odilon
Frantses marrazkilaria eta pintorea (Bordele, 1840 - Paris, 1916). Bordelen eta Parisko Arte Ederretako eskola gorenean egin zituen pinturako ikasketak. Fantin-Latour eta Corot pintoreak adiskide izan zituen, eta talde inpresionistak antolatutako erakusketa batean parte hartu zuen 1885ean. Nolanahi ere, Redonen pintura gertuago dago sinbolismoaren moldeetatik. Egilearen marrazkiek, grabatuek, oleoek eta akuarelek ametsezko mundua uzten dute agerian, surrealismoa iragarriz. Lan nagusiak: Dans le rêve (1879), L’Apocalypse de Saint Jean (1883), La Tentation de Saint Antoine (1888-1896), Les Fleurs du mal (1890), Le Cyclope (1895-1900), Le Jour et la Nuit (1910-1911) eta La naissance de Vénus. Aipagarriak dira halaber, bere erretratua, emaztearena eta Gauguin-ena.