Redondo Pérez, Aurora
Espainiar antzezlea (Bartzelona, 1900 - El Escorial, Madril, 1996). Umetan Madrila joan zen familiarekin bizitzera, eta han igaro zuen bere bizitzaren eta karreraren zati nagusia. Haurretan hasi zen antzezten. Gaztetan obra dramatikoetan eta zinema mutuko zenbait filmetan parte hartu zuen. 1926an Valeriano León antzezlearekin ezkondu zen eta, bikote komiko gisa, Álvarez Quintero, Arniches, Muñoz Seca edota Jacinto Benaventeren lanak antzeztuz ibili ziren denboraldi batez. Espainiako Gerra Zibila piztu zenean Argentinara joan ziren, eta Lola Membrivesen konpainiarentzat lan egin zuten. Espainiara itzulitakoan, konpainia bat sortu zuten, Aurora Redondo-Valeriano León, ospe handikoa gerra ondoko espainiar antzerkian. Senarra hil ondoren (1955), zineman, irratian eta telebista sailetan parte hartu zuen –Anillos de oro; Histories a cara i creu; Cañas y barro eta El último café– baina batez ere antzerkian lan egin zuen: Ninette y un señor de Murcia (1965); Buenos días, condesita (1965); Un millón en la basura (1966); Las tormentas no vuelven (1983); La casa de Bernarda Alba (1984); Cartas de mujeres (1989); Maribel y la extraña familia (1990); Celos del aire (1991); Melocotón en almíbar (1991-92). Sari asko jaso zituen bere karrera luzean zehar.