Rao, P ;V Narasimha
Indiar politikaria (Hyderabad, Andhra Pradesh, 1921). Indiako bederatzigarren gobernuburua (1991-1996). Hyderabad, Bombay eta Nagpur-eko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Andhra Pradesheko legebiltzarreko kidea izan zen (1957-1957), eta zenbait kargu izan zituen estatu horretako gobernuan; buruzagitza, besteak beste, 1971-1973 bitartean. Indira Gandhiren alde egin zuen Kongresuko Alderdiaren barruko taldeen arteko tirabiretan, eta alderdiko idazkari nagusi bihurtu zen 1975ean. 1980an Indiako Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten. Gobernuaren ministerio nagusietako batzuen arduraduna izan zen: Kanpo Arazoetako ministroa, Barne ministroa eta Defentsa ministroa, besteak beste. Indiako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, Rajiv Gandhiren hilketaren ondoren (1991), Kongresuko Alderdiaren lehendakari izendatu zuten. Kongresuko Alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta Rao Lehen Ministro izendatu zuten. Indiako ekonomia krisiari aurre egitea izan zuen lehen zeregina. Aurreko gobernuetako politika sozialista baztertuta, liberalizazio plangintzak prestatu zituen sektore pribatua bultzatzeko, esportazioak handitzeko, atzerritar inbertsioak sustatzeko, enpresa publikoetako administrazioa hobetzeko eta beste hainbat helburu lortzeko. Arazo ekonomikoei ez ezik, arazo politiko larriei aurre egin behar izan zien. Oposizio talde nagusiaren gorakada –Bharatiya Janat Alderdia, nazionalista– erlijio eta politika indarkeriaren gorakadarekin batera gertatu zen. 1992ko abenduan, Ayodhyan, militante hinduek XVI. mendeko meskita bat suntsitzeak indarkeria eta krisi nazionala eragin zituen. Punjab, Jammu eta Kaxmirren, bestalde, arazo handiak izan zituen Indiatik bereiztearen aldeko higikundeei aurre egiten. 1996ko maiatzeko hauteskundeetan, bere alderdia galtzaile atera ondoren, Lehen ministro kargua utzi zuen. Kongresuko Alderdiaren lehendakaritza ere utzi egin behar izan zuen, ustelkeria kasu batengatik auzitegira deitua izan ondoren.