Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

rajput

(Eusk. «erregearen semea»). iz. Indiako ipar-mendebaleko herria, Rajastan-go Rajputana lurraldean bereziki bizi dena. Hamabi milioi lagun dira, klanetan banatuak, eta lurjabeak dira. Ez da rajputen jatorria zehazki ezagutzen; berek kshattriya edo gerra buruzagien ondorengotzat jotzen dute beren burua, eta aditu batzuen arabera V. mendean Indiako iparraldea inbaditu zuten huno heftaliten ondorengoak dira. Gerrara ohituta zeudelarik, Indiako iparraldeko aristokrazia militarra eratu zuten rajputek, eta hinduek kshattriya gisa onartu bide zituzten haietako buruzagi nagusiak. IX-X. mendeetan hasi ziren rajputak politikan nabarmentzen eta erresuma indartsu bat eratu zuten XVI. mendea arte. Indiari loturiko Rajastan-go estatua eratu zuten rajput-ek 1947. urtean. Gaur egungo rajputek arbasoen gurtza eta norberaren ohorearekiko estimu handia gorde dituzte.