Rajastan
Indiako ipar-mendebaleko estatua. Mugak: iparraldean eta ipar-ekialdean, Punjab, Haryana eta Uttar Pradesh-eko estatuak; mendebalean eta ipar-mendebalean, Pakistan; ekialdean eta hego-ekialdean, Uttar Pradesh eta Madhya Pradesh-eko indiar estatuak; hego-mendebalean, Gujarat-eko estatua. 342.239 km2 eta 34.261.862 biztanle. Hiriburua, Jaipur. Hiri nagusiak: Jodhpur, Udaipur, Pilani eta Kota. v Orografia. Aravalli mendialdea dago hego-mendebalean eta ipar-ekialdean, eta mendebala Tar basamortuak hartzen du. Lurraldearen hego-ekialdea garaiagoa eta emankorragoa da Yamuna eta Chambal ibaiei esker. Klimari dagokionez alde handiak daude Rajastanen baina, oro har, klima beroa da (43 °C udan eta 22 °C neguan batez beste), lehorra basamortuan (100 mm euri ur) eta hezea hego-ekialdean, zikloiek eragindako ekaitzei esker nagusiki. v Biztanleak. Etnia ugarik osatzen dute Rajastango estatuko biztanleria. Mina, meo, banjara, bhil (Indiako leinu zaharrenetakoa), gadia lohar, grasia, kathodi eta rjputa herriak bizi izan dira bertan. Rajastania da hizkuntza nagusia, eta hinduismoa erlijio mota zabalduena. Nekazaritza eremuetan bizi da jende gehiena eta oso hiri gutxik dute 100.000 biztanletik gora. v Ekonomia. Nekazaritza (artoa, artatxikia, arroza, garia, garagarra, kotoia, behi azienda), industria (ehungintza, kimika industria, janari industria, zurgintza, eraikuntzarako gaiak) eta mea ustiakuntza (berun, zink, zilar eta esmeralda hobiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Orain dela 100.000 urte inguruko giza aztarnak aurkitu dira Rajastanen. VII-XI. mendeetan rajput dinastiak sortu ziren; XVI. mendearen hasieran jo zuen gorena rajput-en aginpideak. Ondoren mongoliarren inperioaren barnean geratu zen (1529) eta maratha zibilizazioaren eraginpean XVIII. mendearen bukaeran. Britainiarrak nagusitu ziren han XIX. mendean. 1817tik aurrera, marathen aurkako azken gerraren ondoren, Indiako mugimendu nazionalista indartsuena gorpuztu zen Rajastan-en. 1947. urtean lotu zitzaion Rajastan Indiako estatu berriari, eta hango printzeek gobernu zentralaren eskuetan utzi zuten beren aginpidea. v Rajastango hizkuntzak. Rajastan-en hitz egiten diren hizkuntza indiar-araniarrak hindi eta gujerati hizkuntzen artekoak dira. Lau hizkuntza nagusi bereizten dira haien artean: mewati-a, ipar-ekialdean; malvi-a, hegoaldean; marwari-a, mendebalean, eta jaipuri-a erdi-ekialdean. Ez zaie ofizialtasunik ezagutu.