Quirot, Ana Fidelia
Kubatar atleta (Palma Soriano, Santiago de Cuba, 1963). Kultura fisikoko ikasketak egin zituen. 1968an, Iberoamerikako II Atletismo Txapelketan, urrezko domina bana irabazi zuen 400 eta 800 metroko pobretan. Handik aurrera proba horietako lasterkari onenetako bat izan zen. 1987-1990 bitartean, 39 aldiz irabazi zuen 800 metroko proba, behin ere huts egin gabe, eta 15 aldiz 400 metrokoa. Seuleko Olinpiar Jokoetan (1988) ezin izan zuen parte hartu, Kubaren boikotagatik. Baina nazioarteko probetan jokoetako finaleko partaide guztiak menderatu zituen. 1992ko Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, hirugarrena izan zen 800 metroko proban. Etxean gertatutako istripu larri batean bigarren eta hirugarren mailako erredurak izan zituen, eta erietxean egon behar izan zuen denboraldi batez. 1993an, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Jokoetan, zilarrezko domina lortu zuen 800 metroko proban. 1995ean, 800 metroko munduko txapelduna izan zen, eta 1996an zilarrezko domina lortu zuen Atlantako Olinpiar Jokoetan.