puritanismo
iz. Erl. XVI. mendearen bukaeran eta XVII. hasieran Ingalaterran sortu zen dotrina. Ingalaterran nagusi izan zen XVII. mendean urte batzuetan, eta Ipar Amerikako kolonietan zabaldu zen, geroago Estatu Batuetako ipar-ekialdea izan zen lurraldean. Puritanismoaren xedea eliza anglikanoa guztiz eraberritzea zen, jatorrizko kristautasun garbia aldarrikatuz, eta Biblia hartuz dotrinaren legezko iturri bakartzat. Jakue I.aren (1603-25) gobernuak eraso egin zion puritanismoari, eta puritano asko Holandara erbesteratu ziren, lehendabizi, eta gero Amerikara. Plymouth, Massachussetts, Connecticut eta beste kolonia batzuk sortu zituzten. Ingalaterran puritanismoak indar handia izan zuen 1640-1660 artean, baina 1660an, erregetza berriro ezarri zenean, puritanismoak gainbehera egin zuen. Amerikan denbora luzez iraun zuten indarrean puritanismoaren ideiek; puritanoek demokrazia iturritzat azaldu zuten puritanismoa eta politikara zabaldu zituzten puritanismoaren ideiak.