Punjab
edo Panjab. Indiako eta Pakistango estatuen artean banaturik dagoen lurraldea, Himalaiako mendialdearen (iparraldean), Salt Range eta Indo ibaiaren (mendebalean), Thar basamortuaren (hegoaldean) eta Ganges ibaiaren goi-lautadaren (ekialdean) artean. v Indiako Punjab. Indiako ipar-mendebaleko muturreko estatua. Mugak: iparraldean, Jammu eta Kaxmir-eko lurraldeak; ekialdean, Himachal Pradesh Indiako estatua; mendebalean, Pakistango estatua; hegoaldean, Hariana eta Rajasthan-go indiar estatuak. 50.362 km2 eta 20.190.795 biztanle. Hiriburua, Chandigarth. Hiri nagusiak: Amritsar (sikhen hiri sakratua), Jullundur, Ludhiana eta Patiala. Lurralde laua da, oro har, Sutlej eta Beas ibaiek zeharkatua. Bi eskualde bereizten dira, hala ere: ipar-ekialdeko Siwalik mendialdea (275-900 m artean), batetik, eta lurraldearen gainerakoa hartzen duten Sutlej eta Beas ibaien sakana edo behe zabaldia, bestetik (275 m artean). Klima kontinentala da. 1.250 mm euri biltzen da iparraldean eta 360 mm inguru hegoaldean. Biztanle gehienak sikhak dira (biztanleen % 60) eta punjabia da hizkuntza hedatuena (bi heren mintzatzen dira punjabi hizkuntzaz). Biztanleen bi herenetik gora hinduak dira eta kristauek eta budistek osatzen dute gainerakoa. Biztanleen laurden bat hirietan bizi da, besteak, berriz, nekazari eremuetan. Ekonomiari dagokionez, nekazaritza (garia, garagarra, artoa, arroza, artatxikia, kotoia, azukre kanabera, laboreak, patata) eta industria (ehungintza, zurgintza, azukre findegiak, nekazaritza jarduerarako makineria, kimika industria, automobilgintza) dira jarduera nagusiak. Errepide, burdinbide eta aireportu sare garrantzitsuek lotzen dute Punjab Indiako eta inguruko estatuetako hiri nagusiekin. Arteari dagokionez, aipagarriak dira, besteak beste, Amritsar-eko Urrezko Tenplua, Durgiana-ko eta Amritsar-eko tenplu hinduak eta Kapurthala-ko mezkita. Patiala, Amritsar, Ludhiana eta Chandigarh-eko hirietan daude Punjabeko unibertsitatearen egoitzak. v Pakistango Punjab. Pakistango ekialde muturreko probintzia. Mugak: iparraldean, Jammu eta Kaxmir-eko lurraldeak; ekialdean, Indiako Punjab eta Rajasthan-eko estatuak; mendebalean, Balutxistan eta Ipar-mendebaleko Muga probintziak; hegoaldean, Sind probintzia. 206.433 km2 ditu eta 50.460.000 biztanle. Hiriburua, Lahore. Hiri nagusiak: Multan, Rawalpindi eta Sialkot. Lurralde laua da, oro har, Indo eta beraren ibaiadarrek (Jhelum, Chenab, Ravi eta Sutlej) zeharkatua. Probintziaren iparraldean daude Murree, Rawalpindi eta Pabbi-ko mendikateak, Himalaiako mendialdearen jarraipena direnak. Klima kontinentala da, tenperaturak beroak dira batez beste eta euri gutxi egiten du, iparraldeko mendialdeetan izan ezik. Biztanleei dagokienez, jat, rajput, arain, gujar eta awan etniak dira nagusi eta punjabi da hizkuntza erabiliena. Nekazaritza (garia, garagarra, kotoia) eta industria (ehungintza, makineria, tresneria elektrikoa, altzairugintza, janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Burdinbide eta errepide sare zabal batek lotzen ditu Pakistango Punjab India, Txina eta Afganistango eskualdeekin. Lahoren dago Punjabeko unibertsitatearen egoitza. v Historia. K.a. 2500. urte aldera hiri zibilizazio bat, Indoko zibilizazioa, kokatu zen Punjab aldean, eta, handik aurrera, ariarren, greziar-mazedoniarren, partiarren, arabiarren, mongoliarren, afgan-en, sikh-en eta britainiarren inbasioak izan dira lurralde hartan. 1709-1710 urteetan Punjab burujabea eratu zuen Banda Singh Bahadur izeneko ermitau batek, sikh borrokalariek lagunduta, baina 1716an menderatu zuten mongoliarrek Singh. Sikh-ek borrokari eutsi zioten eta 1764-1765 urteetan guztiz indartu zuten Punjabeko erresuma. 1849an sartu ziren indar britainiarrak Punjab-en, sikh-ak menderatu ondoren, eta 1947an bitan banatu zen Punjab, Pakistango eta Indiako estatuak sortu ondoren. Alde txikiena geratu zen Indiako estatuaren barnean. Urte hartatik aurrera etengabe borrokatu dira sikh-ak Punjab-eko estatu burujabearen alde. 1956an hindu hizkuntzazko eremu batzuk gehitu zitzaizkion Punjab estatuari eta 1966an bitan banatu zen estatua: Punjab, sikh-en estatua, eta Haryana, hindu mintzodunen estatua. 1980. urtetik aurrera, hinduen aurkako atentatu ugari egin dituzte sikh-ek Khalistan deituko litzatekeen estatu burujabe baten alde, eta hinduek zapalkuntza bortitza egin dute sikh-en aurka. Pakistan aldeko Punjaben guztiz bizkortu da urte horietan musulmanen asimilazio politika.