Ptah
Mit. Egiptoko jainkoa, Semjet eta Nefertum jainkoekin batera Menfisen gurtzen zutena. Jatorriz, jainko igeltsero edo arotza zen, Hefesto greziar jainkoaren antzera, baina Menfis Egiptoko hiriburu egin zenean, jainko guztiahaldun eta munduaren sortzaile bilakatu zen. Hala, jainko zaharrenekin parekatu zuten, Tanen, Sokar eta Osirisekin, besteak beste. Gehienetan, gorputza momia batean bilduta duen gizon burusoil baten gisa irudikatzen da. Beste batzuetan, ipotx beldurgarri baten itxura izaten du. Elezaharrak dioenez, Ptah sortu zenean, beste zortzi jainko sortu ziren aldi berean; Atum, haren pentsamendua; Horus, bihotza; eta Tot, mihia, besteak beste.