Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

propergol

iz. Kim. Eguratseko oxigenorik erabili gabe errekuntza ganbara batean erreakzionatzen duten gaien (ergolen) multzoa; erreakzioan gas bero ugari sortzen da eta gas horiek, haizebide batetik isurtzean, erreakzio bidez koheteak bultzatzen dituzte. Motor arruntetan erabiltzen diren erregaietatik eguratseko oxigenorik behar ez izatean bereizten dira propergolak. Hori dela eta, koheteak gai dira goi-atmosferan eta planetarteko hutsean ibiltzeko. Elkarren artean erreakzionatzen duten gai horiek produktu bakarrean (monergol) edo bitan (biergol edo diergol) nahasturik egoten dira. Espazioko kohete gehienek diergolak erabiltzen dituzte. Kohete baten motorraren bultzada sortzen duten gasen masa horien isurketa lastertasunarekin biderkatuz lortzen dela kontuan izanik, propergolik onenak gasak lasterren sortzen dituztenak dira, hots, erreakzionatutakoan tenperatura handienak eta molekula arineneko gasak sortzen dituztenak. Erreakzioaren iraupenak ere garrantzia handia du. Horretan oinarriturik, adituek bultzada espezifikoaren kontzeptua erabiltzen dute (propergol kilo batek kilo bateko bultzada eragiteko behar duen denbora). Propergol hoberenen bultzada espezifikoa 300 eta 400 segundo artekoa da. Propergol indartsuenetarikoa diergol hidrogeno isurkaria + oxigeno isurkaria da, 400 segundo inguruko bultzada espezifikoak lortzeko gai baita. Propergol indartsuagoak lor daitezke baina errekuntza ganbarak egiteko erabiltzen diren materialek ezin dituzte askotan horren tenperatura beroak jasan, eta, bestela ere, kohete handiegiak egin beharko lirateke propergolak gordetzeko. Propergol trinkoak ere erabiltzen dira.