poliomielitis
iz. Eritasun kutsakorra, bizkarrezur muinean kokatzen den birus batek sortua, elbarritasuna eragiten duena. v Poliomielitisa eragiten duen birusa bizkar-muineko gai grisean kokatu ohi da gehienetan, baina meningeetan (entzefaloaren eta bizkar-muinaren inguruko mintzetan) eta nerbio sistemaren beste guneetan ere sor daiteke. Haurrek, 4 urtetik 9 urtera bitartekoek batez ere, pairatzen dute. Poliomielitisaren birusa ahotik (ur eta janari kutsatuak hartzean edo behatz zikinak ahora sartzean, adibidez) barneratzen da organismora gehienetan; baina sar daiteke sudur zuloetatik edo zaurietatik barrena ere. Birusa ahotik sartu ondoren, eztarrian, faringean eta hesteetan ugaltzen da, eta odolera igarotzen da gero. Organismoak antigorputzak sortzen ditu birus horren kontra, eta gehienetan eritasunak ez du aurrera egiten; zenbaitetan, ordea, immunitatea ez da behar adinakoa eta birusa nerbio sisteman sartzen da, eta giharrak endurtu eta elbarritasuna eragiten du. Hiru birus mota daude: I. mota edo Brunhilde birusa, II. mota edo Lansing birusa eta III. mota edo Lehoi birusa. Hori dela eta, pertsona bera behin baino gehiagotan kutsa daiteke, birus mota bakoitzak bere antigorputz bereziak baititu. Organismoan sartu eta ugaltzen hasi arte, birusak hiru egunetik hamar egun bitarteko epea behar izaten du; gelditu ez bada, zazpigarren egunean nerbio sistemara sartzen da eta gorputz atalak elbarritzen hasten dira. Birusak nerbio sistema hartua ez badu, Sabin txertoa (birus indargabetuak) sartzen zaio gaixoari, organismoak antigorputzak sor ditzan. Birusa nerbio sistemaz jabetu bada, ordea, eritasunak ez du sendabiderik.
- polinizatze
- polinizazio
- polinomio
- poliol
- poliolefina
- poliomielitis
- polipasto
- polipeptido
- polipero
- polipo
- polipodial