Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Plaza Gorria

(Errus. Krasnaya Ploshchad, “Plaza Ederra”). Moskuko plaza, Europako handienetariko bat (8 hektarea inguru). XV. mendean eraiki zuten, Kremlin-go harresiak egin eta berehala. Moskova ibaiaren iparraldean dago. Mendebaletik Kremlinekin egiten du muga, iparraldetik Historia Museoarekin (1875-1881); hegoaldean San Basilio katedrala dago (1555-1560), eta mendebalean Estatuko Biltegia. Plazan bertan bi eraikuntza aurkitzen dira: San Basilioren aurrean Minin eta Pozharski XVII. mendeko heroi nazionalen ohoretan eraikitako monumentua (1818) eta plazaren erdian, Kremlin-go harresitik gertu, Leninen mausoleoa. Plazak izen asko izan ditu historian zehar, baina XVII. mendearen azken aldean oraingo izena hartu zuen. Harrezkero Errusiako eta Sobietar Batasuneko historiaren gune garantzitsua izan da: bertan dekretuak aldarrikatu eta exekuzioak egin dira, bai eta ospakizun eta prozesio erlijioso handiak eta matxinadak ere. Sobietar Batasuneko garaian maiatzaren 1ean eta Urriko Iraultzaren oroimenetan egiten ziren parada militarren gertalekua izan da.