Plauto
(Lat. Titus Maccius Plautus). Latindar antzerkigilea (Sarsina, Umbria, K.a. 254 - Erroma, K.a. 184). Ez da gauza askorik ezagutzen haren bizitzaz. 215ean hasi omen zen antzerkia idazten. 130 antzerki lan idatzi omen zituen, baina hogei besterik ez dira gorde. Idazle greziarren (Menandro, Filemon, Difilo) antzerki lanak eta antzezteko teknika garai hartako erromatarren gogara moldatu zituen eta antzerki mota horri Fabula palliata deitu zitzaion. Irri-antzerkia landu zuen, fantasia handikoa eta erritmo bizikoa, pertsonaia eta gertaera bitxiak eta barregarriak agertzen zituena (gehienetan esklaboa izaten zen pertsonaia nagusia), tartean kantuak ere sartzen zituela. Hizkuntzaren sen handia zuen: Erromako jende xehearen hizkera bizia erabiltzen zuen, mailegu eta hitz berriekin, izkimiri eta biraoekin nahasia. Haren lanak Errenazimentuan aurkitu ziren eta hizkuntza askotara itzuli ziren; eragin handia izan zuten Errenazimentuko antzerkian, Italiako Commedia dell’arten, Shakespeare, Molière, Goldoni, Kleist eta beste hainbat antzerkigilerengan. Haren komedia nagusiak: Amphitruo, Aulularia, Menaechmi, Miles gloriosus, Bacchides, Captivi, Mostellaria, Pseudolus, Rudens, Trinummus.