Pla, Josep
Katalan idazlea (Palafrugell, Gerona, 1897 - Llofriu, Gerona, 1981). Bartzelonako unibertsitatean zuzenbideko ikasketak egin ondoren, kazetari lanak egin zituen Europan Madrilgo eta Bartzelonako egunkarientzat. Kronikak, biografiak, saiakerak, kontakizunak eta eleberriak eman zituen argitara. Katalanez eta gaztelaniaz idazten zuen. Obra nagusiak: Cartes de lluny (1928, Urrutiko gutunak), Viatge a Catalunya (1934, Kataluniara bidaia), Francesc Cambó (1928-1930), Llanterna màgica (1926, Linterna miresgarria), Els pagesos (1952, Baserritarrak) eta El carrer estret (1951, Kale estua). Harenak dira halaber Les hores (1953, Orduak), Els anys (1953, Urteak), Els moments (1954, Uneak) trilogia, Articles sense cua (1975, Isatsik gabeko artikuluak), Notes del capvestre (1979, Arratseko oharrak), Veure Catalunya (1979, Ikus Katalunia) eta Obres de museu (1981, Museoko obrak), azken hau Salvador Dalí-rekin egina. Azterlari zorrotza eta estilo zuzenekoa zen; kronika eta egunkari moldeetan nabarmendu zen bereziki. 1980an Kataluniako Generalitat-ek Urrezko domina eman zion.