Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pla, Josefina

Espainiar idazle eta irakaslea (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1909 - Asunción, Paraguai, 1999). 1927an Paraguaira aldatu zen eta Andrés Campos Cervera, Julián de la Herrería, zeramikagile ospetsuarekin ezkondu zen bertan. Herrialde hartako lehenengo emakume kazetari eta irrati esataria izan zen. Abangoardiako mugimenduen aitzindaria izan zen, eta 1934an El precio de los sueños (Ametsen prezioa) bere lehen olerki liburua argitaratu zuen, zeinarekin izan baitzen estetika modernistaren iragarle. Espainiako Gerra Zibilean errepublikarren aldean borrokatu zen. Senarra hil zelarik Paraguaira itzuli zen eta kazetari, idazle, irakasle, kritikari, antzeki zuzendari edo zeramikagile gisa lan egin zuen. Asunciongo Arte Eszenikoko Udal Eskolako aholkulari eta Arte Berrien Zentroaren sortzaile izan zen, Paraguaiko Historiako Akademiako kide izendatu zuten, eta beste hainbat erakundetan ere parte hartu zuen. Sarien artean aipagarriak ditu Secretariado Internacional de Juristas por la Amnistía y la Democracia de Paraguay (SIJADEP) erakundeak bere literatura eta arte lanari emandakoa, giza eskubideen, emakumeen eta Paraguairen eskubide sozial eta kulturalen alde egindako lanarengatik, edo Espainiako Arte Ederren Merituaren Domina (1995). Olerkigintza ez ezik –La raíz y la aurora (1960, Sustraia eta goizargia), Satélites oscuros (1966, Satelite ilunak)–, beste zenbait genero ere landu zituen Josefina Plak: saiakera –El barroco hispano guaraní (1975, Barroko hispainiar-guarania), Literatura paraguaya del siglo XX (XX. mendeko literatura paraguaiarra), Voces femeninas en la poesía paraguaya (Emakume ahotsak Paraguaiko olerkigintzan)–, eleberria –La mano en la tierra (1963, Eskua lurrean), El espejo (1967, Ispilua)– zein antzerkia –Una novia para José Vaí (1955, Andregaia José Vaírentzat)–. Antzerkian Roque Centurión Mirandarekin lan egin zuen, eta genero horretan lortu zuen, hain zuzen, bere arrakastarik handienetakoa Aquí no ha pasado nada (1942, Hemen ez da ezer gertatu) lanarekin.