Pinel, Philippe
Frantses sendagilea (Saint-André d’Alayrac, Tarn, 1745 - Paris, 1826). Okzitaniako Tolosan egin zituen medikuntzako ikasketak eta Bicêtre-n eta Salpêtrière-n izan zen sendagile. Parisa iritsirik, zientzia lanen itzulpenak eginez eta matematika irakatsiz atera zuen bizibidea. 1792an Parisko Bicêtre eroetxeko mediku nagusi izendatu zuten, eta lehenengo aldaketa handiak egin zituen, hala, gaixoei kateak kendu zizkien (zenbaitek 30 edo 40 urte zeramatzaten kateaturik). Gauza bera egin zuen 1794an Salpêtrière-ko emakumeen eroetxeko zuzendari izendatu zutenean. Erotasuna eta deabruak hartua egotea gauza bera zirela zioen ustea alde batera utzirik, adimen gaixotasuna gehiegizko neke sozial eta psikologikoaren ondorio eta neurri batean herentziaren ondorio zela aldeztu zuen. Bere Nosographie philosophique (1798) lanean zenbait psikosi bereizi eta haluzinazioak eta beste sintomak deskribatu zituen. Harena da orobat Traité médico-philosophique sur l’aliénation mentale ou la manie liburua (1801).