Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pila 2

iz. Bateria; energia kimikoa energia elektriko bihurtzen duen tresna. Disoluzio elektrolitiko batean sartua dagoen metal baten oxidazioaren bidez energia elektrikoa ekoizten duen sorgailu bat da. Elektrolitoa isurkari eran dagoenean pila hezea dela esaten da, eta elektrolitoa inguru porotsu batean xurgatua dagoenean pila lehorra dela. Pila heze mota asko dago, baina ezagunena pila voltaikoa da (Volta-k asmatu zuelako ematen zaio izen hori). Pila mota honetan potentzial elektrolitiko desberdina duten bi metal eroale elektrolito batean sartuta jartzen dira, eta horrela korronte elektrikoa sortzen da. Hasierako pila voltaikoek zinka eta kobrea erabiltzen zituzten elektrodo gisa, eta gesalez hezetutako papera elektrolito gisa. Gaur egun ore erdi solidotuak erabiltzen dira elektrolito gisa; elektrodoak berunezkoak, nikelezkoak, zinkezkoak eta kadmiozkoak izan daitezke. Pila lehorrak ere mota askotakoak dira, baina gaur egun hiru motakoak erabiltzen dira gehienbat: 1) Leclanché pila; zinkezko anodoa, manganeso dioxidoz inguratutako ikatzezko edo grafitozko katodoa, eta amoniako klorurozko elektrolitoa ditu. Pila hauek lortzen duten higimen indarra 1,5 V ingurukoa da. Manganeso bioxidoak polarizazioa ezabatzen du, anodoan eratzen den hidrogenoa aldenduz eta pilaren barne erresistentzia gutxituz. Pila hauek ez dira itzulgarriak, hau da, behin zinkezko anodoa erabat oxidatu denean ezin dira gehiago erabili. 2) Merkuriozko pila; altzairuzko anodoa (pilaren ontzia) eta zinkezko katodoa du (kiribildua); elektrolitoa gai alkalino bat da; merkurio (II) oxidoa erabiltzen du polarizazioa kentzeko. Leclanché pilak baino lau aldiz iraupen luzeagoa du eta potentziala 1,35 V du. 3) Manganesozko pila; manganeso bioxidozko katodoa eta zinkezko anodoa ditu; elektrolitoa potasioaren gatz bat da. Leclanché pilak baino bi aldiz iraupen luzeagoa du eta 1,5 V-tako potentzial elektrikoa lortzen du.  v Daniel pila. Elektr. Zinkezko elektrodo bat zink sulfato dizoluzioan eta kobrezko beste elektrodo bat kobre (II) sulfato disoluzioan sartuta dituen pila; bi disoluzioak ontzi porotsu batez bananduta daude. Era eskematiko batean honela adierazten da: Daniel pila itzulgarria da. Indar handiko korronte elektrikoa aurkako norabidean igorrarazten bada berriro kargatzen da pila.  v Erregaizko pila. Elektr. Energia kimikoa zuzenean energia elektriko bihurtzeko gai den tresna. Pilak bi elektrodo eroale ditu, eta hauek ioien eroale den elektrolito bat dute tartean. Gai kimikoak, erregaia eta oxidatzailea, etengabe sartzen dira pilara eta elektrodoak ukitzean korronte elektrikoa sortzen duten erreakzio kimiko batzuk gertatzen dira. Ezagunenetako bat hidrogeno-oxigeno pila da; potasio hidroxidoa erabiltzen dute elektrolito gisa. Bi gasak 40 atmosferako presioan sartzen dira pilara, eta elektrodoa ukitzean erreakzio kimiko batzuk gertatzen dira. Elektrodoak kanpoaldetik konektatzen direnean korronte elektrikoa hasten da, eta ondorio gisa ura lortzen da. Pila mota hauek bidaia espazialak egiteko ontzietan erabili dira energia eta ura lortzeko. Etorkizun handia dute, eta auto elektrikoetan eta etxeak argitzeko erabiltzeko saioak egiten ari dira.  v Pila atomikoa. Fis. Katean gertatzen den erreakzio nuklear baten bidez ekoizten den energia atomikoa. Erreakzioaren lastertasuna kontrolatzeko moderatzaile bat erabiltzen da. Pila hau erreaktore nuklearra da, eta barruan uranio oxidoa zuten grafitozko adreilu pilo bat bata bestearen gainean “pilatuz” eraiki zelako eman zaio pila izena. Fermi-k egin zuen lehen aldiz era honetako pila 1942an, eta baliabide artifizialak erabiliz energia atomikoa askatzea lortu zuen. ik. erreaktore.  v Pila fotovoltaikoa. Elektr. Argiaren eraginez korronte elektriko bat sortzeko gai den pila. Adibidez, kobrezko xafla bat kobre (I) oxidoz estaltzen bada eta plaka hori argiztatzen bada, oxidoak elektroiak igortzen ditu, baina ez inguruko airera, kobrearen aldera baizik. Oxidoak karga positiboa hartzen du eta kobreak negatiboa; hala, indar elektrohigikari bat sortzen da. Kanpoaldetik oxidoa eta kobrea konektatzen badira korronte elektrikoa sortzen da. Pila mota hauek fotometroetan erabiltzen dira. Pilaren bi poloen artean galbanometroa konektatuz korrontearen intentsitatea neurtzen da (oxidoaren gainera iristen den argi intentsitatearen araberakoa).  v Pila termoelektrikoa. Efektu termoelektrikoan oinarritzen den sorgailua bere bi ertzetan soldatuta dauden bi metalez osatua (pare termoelektrikoa). Bi soldadurak tenperatura desberdinetan edukitzen badira metaletan korronte elektriko jarraitua sortzen da. Korronte horren indarra txikia da, milivoltio batzuetakoa ehunka gradu batzuetako tenperaturan.