Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pigmeo

iz. eta izond. Etnogr. Garaiera txikiko gizatalde afrikar batzuetako kidea; haiei dagokiena.  v Pigmeoak Afrikako ekuatoreko oihanetan bizi dira, Atlantikotik Aintzira Handietaraino. Ezagutzen diren gizakirik txikienak dira (1,33-1,40 m) eta zenbait ezaugarri morfologiko berezi dituzte: inguruan bizi diren beltzek baino azal argiagoa; beso luze eta hanka laburrak; ile kizkurra, motza eta multzoetan bildua; sudur zabala eta motza. Antzina hedadura handiagoko lurraldean bizi bide ziren, baina gerora etorritako beltzen taldeek egungo lurraldeetara baztertu zituzten: Zaireko ipar-ekialdean, Ituri ibai arroko oihanetan (mbuti izeneko pigmeoak); Kivu aintzirako inguruan –Zaire, Ruanda, Burundi– (twa edo batwa); Kongo ibaiko hegoaldeko paduretan (tswa edo batswa); Kongoko iparraldean (babinga) eta Gabon eta Kamerungo zenbait alderditan. Pigmeoen kopurua 150.000-200.000 artekoa da. Ehiztari nomadak eta fruitu biltzaileak dira. Inguruko beltzekin harreman estuak dituzte, eta ehizearen eta, batez ere, boliaren truke hainbat produktu biltzen dituzte: gatza, jatenak, oihalak, burdinazko tresnak eta armak. Pigmeo taldeen hizkuntza auzo beltzena izan ohi da eta pigmeoen nagusitzat hartzen dute haiek beren burua; zenbaitetan laborantza lan gogorretan jardutera behartzen eta berekin gerra egitera eramaten dituzte. Guztiarekin ere pigmeoek ez dute beren mundu ikuskera aldatu eta beltzek, saiatu diren arren, ezin izan dituzte beren sinesteetara makurtu; horrenbestez, ezkontza eta hileta errituak erabat desberdinak dira bi taldeen artean. Zenbaitetan pigmeo hitza garaiera txikiko –150 cm-tik beherako– gizataldeak izendatzeko erabili ohi da, Asiako negritoak (Malakako semang, Andaman-eko minkopi, Filipinetako aeta) eta Afrikako pigmeoak talde berean sartu ohi dira. Pigmeo guztien jatorri bakarraren aldeko tesia, ordea, egungo antropobiologiak ukatua gertatu da, talde horien arteko antzekotasunaren arrazoia ingurune berak, ekuatoreko oihanak, eragindako egokitzapen genetikoan baitatza.