pigmentu
iz. Animalia eta landare ehunetan pilatzen den gaia, kolorea sortzen duena. || Koloregaia. v Biokim. Kolorea emateko gaitasuna duen edozein gai organiko edo inorganiko. Nahiz eta ez egon oso zehaztua kolore emaileen eta pigmentuen arteko bereizketa, sintesi bidez lortzen diren pigmentu organikoei kolore emaile deitzen zaie. Bada biak bereizteko erabiltzen den bereizketa bat: zuntzei eta oihalei kolorea emateko erabiltzen diren gaiak kolore emaileak dira, eta pintura, plastikoetan eta zeramiketan erabiltzen direnak pigmentuak. Pigmentu gehienak ez dira urtzen uretan eta disolbatzaile organikoetan. Pigmentu organikoak animalia jatorrikoak (errodoptsina, melamina…), landare jatorrikoak (klorofila, xantofila, flabona, indigoa, karotenoa…) eta sintesi bidez lortuak izan daitezke (ftalozianina, toluidina, litolak…). Pigmentu inorganikoak metalen oxidoak (burdina, titanioa, zinka, kobaltoa, kromoa…), lur nahasteak (okreak), hauts eran dauden metalen suspentsioak (urrearenak eta aluminioarenak adibidez), berun kromatoak eta ikatzaren beltza izan daitezke. Pigmentu inorganikoak organikoak baino gutxiago aldatzen dira argiaren eta beroaren eraginez. v Kim. Kautxua eta plastikoak ekoizteko erabiltzen diren gai batzuei ematen zaien izena. Batzuk koloratzaile gisa edo materialari indarra eta erresistentzia emateko erabiltzen dira. Zink oxidoa, adibidez, pigmentu zuria da, eta gurpil pneumatikoak gogortzeko erabiltzen da.