Piazzola, Astor
Argentinar musikagile eta bandoneoi jotzailea (Mar del Plata, 1921 - Buenos Aires, 1992). Oso gazterik hasi zen herri musikagintzan, genero horretako aditu Aníbal Troiloren eskutik, eta jazz musikaren zein musika klasikoaren eragina ere oso gaztetatik jaso zuen. Musika klasikoa Alberto Ginastera argentinar maisuarekin ikasi zuen Buenos Airesen, eta Nadia Boulanger frantsesarekin Parisen. Bere karreran zehar Quintetto Nuevo Tango eta Sexteto Nuevo Tango taldeak sortu zituen, eta talde haiekin egin zituen lan gehienak. Obra aipagarriak ditu orkestrarako Rapsodia porteña (1952, Rapsodia porteñoa); Buenos Aires (1953) hiru mugimenduko sinfonia; Oda íntima a Buenos Aires (Oda intimoa Buenos Airesi); Tango sinfónico (Tango sinfonikoa); Tangata (Tangata); bandoneoi eta orkestrarako kontzertua eta suitea, eta La serie del ángel (Aingeruaren saila). Tangoei dagokienez, nabarmentzekoak dira Balada para un loco (1953, Ero bati eskainitako balada), La muerte del ángel (Aingeruaren heriotza), Adiós nonino (Agur nonino) edota Verano porteño (Uda porteñoa). 1934an El día que me quieras (Maitatuko nauzun egunean) filmeko soinu banda grabatu zuen Carlos Gardel tango abeslariarekin. Piazzola oso artista berezia izan zen, batez ere bera izan delako herri musikagintzaren alorrean, bere tangoekin, eta orobat musika klasiko edo larriaren alorrean, dohain bikainak erakutsi dituen eta batean zein bestean nabarmendu den musikagile bakarretakoa. Aipagarria da gainera “tango sinfoniko” izeneko genero berri bat sortu zuelako, musika klasikotik eta jazzetik hartutako harmonia eta erritmo egitura berriak txertatuz tangoan.