Pian del Carpini, Giovanni da
Italiar apaiza, frantziskotarra (Pian del Carpini, Umbria, 1182 - Antivari, 1252). San Frantzisko Asiskoaren dizipulua. Germaniako eta Espainiako nagusi eta Antivariko artzapezpiku izan zen. Mongoliarrek Europari egindako eraso handiaren ondoren (Liegnitz-eko gudua, 1241eko apirilaren 9a), Inozentzio IV.a Aita Santuak mongoliarren khan-arengana bidali zuen ordezkari gisa, ahal izanez gero bakea lortzera, eta bide batez haien indarra, jokaera, eta bestelako informazioa biltzera. 1245eko Bazko egunean irtenik, Batu Khan-engana, mongoliarren inperioko mendebaleko buruzagiarengana, iritsi zen, Volga ibaiaren ondoan. Hark Karakorum-a, mongoliarren inperioko hiriburubura, bidali zuen. Asia erdialde osoa igarorik, Güyük Khan-en, Ogadei Khan-en ondorengoaren koroatzera iritsi zen. Pian del Carpinik ez zuen lortu khan-aren asmoak aldatzerik (khan-ak bere nagusitasuna onar zezan eskatu zion gutun labur batez Aita Santuari). Bi urteko bidaia eginik, Asiari buruzko garrantzi handiko lan bat idatzi zuen bidaia hartan oinarrituta: Historia Mongalorum quos nos tartaros apellamus (Guk tartaro deitzen ditugun mongoliarren historia). Mongoliarren bizimoduaren, ohituren eta historiaren berri emateaz gainera, Asiako beste hainbat herriren deskribapena ere egin zuen, Erdi Aroan kristauen aldetik egin zen zehatzena, geografiari dagokionez zenbait akats bazituen ere, zenbait urte geroago Gilermo Rubrouck-ekoak zuzenduko zituenak. Pian del Carpiniren liburuak, edo haren laburpen batek, eragin handia izan zuen Europan Errenazimentura arte.
- Piacenza
- Piaf, Edith
- Piaget, Jean
- Pialat, Maurice
- piamater
- Pian del Carpini, Giovanni da
- pianissimo
- pianista
- piano 1
- Piano, Renzo
- piano 2