piano 2
iz. Musika tresna handia, tekladuna, harpa gisako egitura batean kokatzen diren eta mailu moduko batzuek jotzen dituzten hariak dituena. || Piano(-)jotzaile. Pianista. v Lehen pianoa Bartolomeo Cristoforik egin zuen Florentzian, 1709. urte inguruan, baina haren erabilera ez zen 1770. urtea arte zabaldu. Gravicembalo col piano e forte izena jarri zion egileak, “soinu apal eta ozeneko klabea”, alegia, eta klabearen soinu indarra eta aukerak gehitu zizkion. Piano hartan haria ez zen harpa batean bezala jotzen, baizik eta mailutxo batek jotzen zuen eta atzera egiten zuen, hariak dardar egiten zuen bitartean. Itxura klabearen antzekoa bazuen ere, geroago piano guztiena izan zen funtzionamendu modu berbera zuen. v Gaur egun, pianoak burdinazko uztai gisako bat du –hari bikoitz eta hirukoitzen tentsio handiari eusteko modukoa–, 88 tekla, zurezko kabilatokia –gehienetan pago zurezkoa– eta eskuarki, bi pedal, eskubikoa, harien soinua luzatzeko eta soinua gehitzeko, eta ezkerrekoa, soinua gutxitu eta tinbrea aldatzeko. Piano batzuek hirugarren pedal bat izaten dute, sordina izenekoa, musika tresnaren ozentasuna ezerezteko. Piano berriak bi motakoak dira: etzanak (handienak kontzertuetarako erabiltzen dira) eta zutak. Saio asko egin dira pianoa eraberritzeko: teklatu bikotzeko pianoa, etengabe luzatzen den soinua duen pianoa, tonu laurdeneko pianoa (mikrotonuak), piano elektrikoa, eta John Cageren piano prestatua, besteak beste.