Piaget, Jean
Suitzar psikologoa eta pedagogoa (Neuchâtel, 1896 - Geneva, 1980). Haurraren adimenaren bilakaerari buruz egin zituen ikerketek ezagutarazi zuten. Piaget-ek zoologiako eta filosofiako ikasketak egin zituen Neuchâtelgo unibertsitatean (1918). Handik gutxira Zurich-a eta Parisa joan zen psikologiako ikasketak egitera. 1921ean Suitzara itzuli zen, eta Genevako Jean-Jacques Rousseau institutuko zuzendari izendatu zuten. 1929tik aurrera Genevako unibertsitateko haur psikologiako irakaslea izan zen. 1955ean Epistemologia Genetikoko Nazioarteko Ikerlekua sortu zuen Genevan. v Piaget-en lanaren helburu nagusia giza ezagutzaren bilakaeraren legeak aurkitzea izan zen. Haurrarengan adimena nola sortzen den (psikologia genetikoa) eta egituratzen den (epistemologia genetikoa) aztertu zuen. Hala, Piaget-entzat, adimenaren bilakaera lau aldi edo maila nagusitan banatua dago, adinaren arabera. Lehen aldian, edo aldi zentzu-eragilean, zehar haurra bere gorputzaren ahalmenez, bere izatasunaz eta inguruko gauzez jabetzen da (2 urte arte). Bigarrenean, intuizioz, inguruneaz jabetuz doa hizkuntzaren bitartez (6-7 urte arte). Hirugarren aldiak, operazio zehatzen aldia deituak, pentsaera logikoaren eta elkartasunaren sorrera ditu ezaugarritzat (12 urte arte). Hurrena operazio formalen aldia da, heldutasunean luzatzen dena, eta pentsaera abstraktuaren sorrera, nortasunaren sendotzea eta helduen munduan sartzea ezaugarritzat dituena. v Piaget-en obra askoren artean, aipatzekoak dira Le Langage et la pensée chez l’enfant (1923, Hizkuntza eta pentsaera haurrarengan), Le Jugement et le raisonnement chez l’enfant (1925, Adimena eta arrazoinamendua haurrarengan) eta La Naissance de l’intelligence chez l’enfant (1948, Adimenaren sorrera haurrarengan).