Pettarra
edo Barhoa. Iraultza Frantsesa arte, Zuberoa banatua zegoen hiru messagerie edo lurralde juridiko eta politikoetako bat, herrialde horretako iparraldean. Pettarra hirutan banatua zen, degarie edo bic-etan (“igurbe” edo “eskualde” adierazten duten hitz biarnesak): Arüe (Arüe, Etxarri, Lohitzüne, Oihergi, Ozaraine, Erribareita eta Jeztaze herriek osatua), Lahüntze (Sohüta, Mendibile, Lahüntze, Berrogaine, Mitikile, Ospitalepea, Larrabile, Urrüxtoi, Larrori, Sarrikotapea, Undurein, Ezpeize, Onizepia, Bildoze, Lextarre eta Ainharbe herriek osatua) eta Domintxaine (Domintxaine eta Ithorrotze eta Berroeta herriek osatua). Mugak: ipar eta ekialdean, Biarno; mendebalean, Nafarroa Beherea, eta hegoaldean, Arbaillak. nHizkuntza. Pettarren berezko hizkuntza euskara da, zuberera. Biarno eta Euskal Herri arteko muga herrietan, euskaldun-biarnes elebidun franko izan da oraintsu arte. Frantsesa, guztiz sartua, biztanle askoren lehen hizkuntza da. v Orografia. Lapurdi eta Nafarroa Behereko lurralde behereen antzekoa da; Pettarra Zuberoako alderik lauena da, eta muino batzuk baizik ez dira, ekialdean batez ere. Uhaitzandi ibaia igarotzen da bertatik. v Biztanleak. 5.179 biztanle dira guztira; biztanle gehienak dituzten herriak Maule inguruko Sohüta eta Bildoze dira. v Ekonomia. Pettarra nekazari herria da nagusiki. Nafarroa Behereko Donapaleu eta, batez ere, Maule dira lurralde horretako merkataritzagune garrantzitsuenak.