Pétain, Henri-Philippe
Frantses mariskala eta politikaria (Cauchy-à-la-Tour, 1856 - Yeu uhartea, 1951). Gerrarako eskolan irakaslea izan zen 1901-1910 urteetan. Lehen Mundu Gerraren garaian II. gudarostearen zuzendari izan zen, eta 10 hilabetez Verdun-go defentsan borrokatu zen. 1917an komandante nagusi izendatu zuten, eta hurrengo urtean mariskal. 1925. urtean Marokora jo zuen Abd el Krim-ek bultzatutako matxinada indargabetzeko. 1934. urtean Gerra ministro izan zen eta enbaxadore izan zen Espainian 1939. urtean. 1940an Frantziako kontseiluko lehendakari egin zuten eta urte berean, Alemaniarekin armistizioa izenpetu ondoren, Frantziako estatuburu kargua hartu zuen bere gain Vichy-n. Hitler-ekin bildu ondoren, Alemaniarekin harreman onak izateko asmoa agertu zuen, eta sistema autoritario bat ezarri zuen Frantzian. Gerra denbora guztian Frantses Estatuko buru izan zen Petain, eta alemaniarrekiko “kolaborazioa” bultzatu zuen, erresistentzian ari zirenak terroristak zirelakoak baztertuz. Juduen aurkako legeak ere indarrean eman zituen. Suitzara erbesteratu zen 1945. urtean, eta Frantziara itzuli zen handik gutxira epaimahai baten aurrean aurkeztera. Epaiketa guztian zehar isilik egon zen eta herio zigorra eman zioten. Oso zaharra baitzen, ez zuen hil eta betiko kartzela zigorra ezarri zioten.