Pessoa, Fernando Antonio Nogueira
Portugaldar poeta (Lisboa, 1888 - Lisboa, 1935). Modernismoan izan zuen eragin handia zela eta, portugaldar literatura Europara zabaldu zuen. Hegoafrikako Durban hirian igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa, haren aita-ordea Portugalgo kontsula izan baitzen. Erraz ikasi zuen ingelesez, eta hizkuntza horretan idatzi zituen lehen poemak. 1905. urtean Lisboara itzuli zen, eta bertan merkataritza itzulpengintza hartu zuen lanbidetzat. Abangoardiazko aldizkarietan ere idatzi zuen garai haietan, batik bat bertako modernismoaren puntako aldizkaria zen Orpheu (1915) izenekoan. 1918. urtean hasi zen ingelesez idatziriko poema liburuak argitaratzen; portugesez ordea, ez zuen ezer argitaratu harik eta 1934. urtean arrakasta handirik izan ez zuen Mensagem liburua atera zuen arte. Hurrengo urtean, hil ondoren, bihurtu zen ospetsu, irudikatu zuen ametsezko mundu bitxia, bere alter ego gisa sortu zituen pertsonaiez (Alberto Caeiro, Ricardo Reis eta Alvaro de Campos izenekoak) aberasturikoa. Irudimenezko pertsonaia horien poesia lanak ikuspuntuari eta estiloari dagokionez bere izenaz idatziriko lanaren ondoan desberdin gertatzen diren arren, badute batasunik, nolabait Pessoaren nortasun desberdinak adierazten baitira pertsonaia bakoitzaren obraz. Bere lanetan aipagarrienak Poesias de Fernando Pessoa (1942), Poesias de Alvaro de Campos (1944), Poemas de Alberto Caeiro (1946), eta Odes de Ricardo Reis (1946) dira.
- pesimismo
- pesimista
- peskiza
- peso
- Pessarrodona Cortada, Lluís
- Pessoa, Fernando Antonio Nogueira
- Pestalozzi, Johann Heinrich
- pestizida
- Pétain, Henri-Philippe
- petalita
- petalo