peronismo
iz. Pol. J. D. Perón-ek aginpidea eskuratu zuenean (1945) Argentinan ezarri zuen politika sistema eta higikundea. Oligarka lurjabeen eta inperialismoaren kontrako higikunde gisa sortu zen, eta ideologia abertzale eta populista zuen. Peronismoak gudarostean eta, batez ere, sindikatu bakarrean bildutako langileen gremioak zituen oinarri. Langileen egoera hobetzea eta kapitalismotik zein komunismotik berex izango zen demokrazia soziala sortzea zuen helburu. Indar handia lortu zuen, langileen laguntzari esker batez ere. Krisi ekonomikoarekin eta Perónek aginpidea galtzearekin batera peronismoak behera egin bazuen ere, gaur egun Argentinako lehen alderdia da.