perla-ostra
iz. Zool. Pteridoen edo abikulidoen familiako zenbait soinbera kusku-bikoren izena. Meleagrina, Pinctada edo Margaritifera generoko animaliak dira. Perla-ostra izenez ezagutzen diren arren ez dira ostraren familiakoak; jateko ez dira oso aintzat hartuak, bestalde. Barnean perlak eratzeko duten gaitasunagatik dira aintzat hartuak, eta horretarako lantzen ere dira. Gaitasun hori (nakarra sortzeko ahalmena) pterido guztiek duten arren, horretarako baldintzarik betetzen ez bada (delako perlak kanpotik sartzen zaion organismoren baten edo eritasunen baten kontra babestu beharra) ez du perlarik eratzen. Perla eratzen duena perla-ama izenez ezagutzen da. Perla-ostrak itsaso beroetan hazten dira berez; eta ezagunenak Persiako Golkokoak, Sri-Lankakoak, Australiakoak eta Erdialdeko Amerikakoak dira, baina Japonian eta beste zenbait lurraldetan ere lantzen dira gaur egun. Perla-ostra motarik ezagunenak Pinctada martensii, Pinctada margaritifera, Japoniakoa, Pinctada emarginata, Venezuelakoa, eta Pinctada maxima, Australiakoa, dira. Beste soinbera batzuek ere badute perlak eratzeko ahalmena, nautilus-ak esate baterako.