Pérez Villanueva, Joaquín
Espainiar historialaria (Barco de Avila, 1910 - Madril, 1994). Zientzia historikoetako doktoregoa eskuratu zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta zuzenbide eta filosofia eta letretako lizentzia atera zuen, sari bereziarekin. Katedraduna izan zen, besteak beste, Santiagon, Valladoliden, Sorbonan eta Madrilgo Unibetsitate Autonomoan. Segoviako (1946-1950) eta Salamancako gobernadore izan zen, eta 1951n unibertsitate irakaskuntzako zuzendari orokor izendatu zuten. Arias Navarroren agintaldian arte ederretako zuzendari egin zuten (1974 arte) eta beste zenbait karguren artean Espainiaren hezkuntza, zientzia eta kulturarako ordezkari izan zen Nazio Batuetan eta UNESCOn. Ikerketa historikoko obretan azpimarratzekoak ditu Reflexiones sobre la Historia en nuestros días (1974, Historiari buruzko gogoetak gaur egun); La Inquisición española. Nueva visión, nuevos horizontes (1980, Espainiako Inkisizioa. Ikuspegi berria, etorkizun berriak), Historia de la Inquisición en España y América (1984, Inkisizioaren historia Espainian eta Ameriketan), etab. Pérez Villanuevak hainbat sari irabazi zituen eta hainbat elkarte eta erakundetako kide eta kargudun izan zen bere karreran zehar.