Pérez Rodríguez, Carlos Andrés
Venezuelar politikari eta abokatua (Tachira, 1922). Oso gazterik hasi zen politikan: 15 urte zituela Partido Democrático Nacional (PDN) ezkutuko alderdian sartu zen (gero Acción Democrática, AD). 1939an familiarekin Caracasera aldatu zen, eta ikasle mugimenduan nabarmendu zen. 1945ean Batzorde Zibiko-Militar batek eskuratu zuen aginpidea eta Andrés Pérez Lehendakaritzako Idazkaritzan sartu zen Rómulo Betancourten lehen agintaldian (1945-1948). 1946an Diputatuen kongresuko kide izendatu zuten, baina 1948an espetxeratu egin zuten Gallegosen gobernu konstituzionaleko zenbait ministrorekin batera, hura eraitsi zutenean. Kolonbiara eta Costa Ricara erbesteratu zen, eta 1953an, Marcos Pérez Jiménez diktadorearen kontra azaldu zelarik, erbestera ihes egin behar izan zuen berriro, 1958 arte. Sorterrira itzuli ondoren, 1962an Kanpo Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta handik hamabi urtera Errepublikako lehendakari, Acción Democrática alderdiaren eskutik. Lehenengo agintaldia 1974-1979 bitartean bete zuen, eta 1988-1994 bitartean berriro izan zen lehendakari. Neurri ekonomiko zorrotzak hartu zituen eta istilu asko eragin zituen bere politikak. Bigarren agintaldia amaitu ondoren epaitu egin zuten, eta bi urte igaro behar izan zituen etxetik irten gabe, baina 1997an politikara itzuli zen, Movimiento de Apertura y Participación Nacional alderdia sortuz. 1998an berriro atxilotu zuten, ordea, diru publikoa bere onurarako erabili izanaren salaketapean, eta adinagatik espetxeratu ez zuten arren, hurrengo hauteskundeetan ez zen senatari izan.