Perez, Xabier
("Euzkitze"). Gipuzkoar bertsolari eta kazetaria (Azpeitia, 1966). Eskolarteko txapelketan bi aldiz izan zen txapeldun, eta beste birritan Xenpelar sarian. Nagusitan, 1989ko txapelketa nagusian hirugarren izan zen, eta 1993koan bigarren. Une batez bertsolaritza eta kazetaritza uztartu bazituen ere –hainbat urtez albistegiak aurkeztu zituen ETB1en bertso saioekin jarraituz–, hemezortzi urte plazaz plaza eman ondoren 1999an utzi zion bertso saioetan parte hartzeari, eta aurkezle lanari lotu zitzaion buru-belarri, urte hartan bertan ETB1en ematen hasi zen Sorginen Laratza saioan. Horretaz gain, pilota esataria era bada euskarazko telebista katean. 2000. urtean bere lehenengo diskoa kaleratu zuen, bere izena zeramana. Disko horretako abesti guztien hitzak bereak ziren, eta doinuak, berriz, Iñaki Salvadorrek, Pascal Gaignek eta Joxan Goikoetxeak eginak.