Pérez Galdós, Benito
Espainiar idazlea (Las Palmas, 1843 - Madril, 1920). Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilen. Hasieran kazetari eta itzultzaile izan zen (Dickensen Pickwick). 1871n, La fontana de oro eleberria argitaratu zuen. Aurreko eleberriaren gai historikoak bidea zabaldu zion Pérez Galdósen Episodios Nacionales eleberri sail ezagunari. 1873-1879 urte bitartean hogei eleberri idatzi zituen sail horretarako. Pérez Galdósen historia ikuspegia liberala da, eta bere eleberrietan garai hartako Espainiako gatazka ideologikoa jasotzen du. 1881ean La desheredada argitaratu zuen, Balzac eta Zolaren ereduari jarraitzen diona, eta Espainiako lehen eleberri naturalistatzat hartua izan zena. Garai hartakoak dira: El amigo Manso (1882, Manso adiskidea); El doctor Centeno (1883, Centeno medikua); Tormento (1884); Fortunata y Jacinta (1886-87), maisu lana; eta Miau (1888). Mende hondarrean, psikologiazko eleberrigintzari ekin zion, Tolstoiren ildotik (1892, Tristana; 1895, Nazarín; 1897, Misericordia). 1898-1912 urte bitartean, Episodios nacionales izeneko sailari jarraitu zion eta hogeita sei liburu argitaratu zituen, lehenagokoez gainera, Zumalakarregirekin hasita. Eleberrigintzaz gainera, antzerkigintza ere landu zuen. Harenak dira, besteak beste: La loca de la casa (1892, Etxeko zoroa), Doña Perfecta (1896), Electra (1901), Alma y vida (1902, Arima eta bizia), El abuelo (1904, Aitona), Casandra (1910), Celia en los infiernos (1913, Celia infernutan), La razón de la sinrazón (1915, Ezarrazoiaren arrazoia).