Peñagarikano, Anjel Mari
Gipuzkoar bertsolaria (Albiztur, 1957). Bera bizi zen Albizturko ostatuan bertsozaletu zen, han ostatu hartzen zuten bertsolariei entzunez. 1979an gazteentzako Xenpelar Sarian parte hartu eta irabazi egin zuen. Hura izan zen bere bertsolari ibilbidearen hasiera. Hurrengo urtean ere berak irabazi zuen lehen saria. Txapelketa Nagusian hiru aldiz finalista izan da (1982, 1986 eta 1993), eta 1991n Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen. Karisma handiko bertsolaria da, eta dohain nagusietako bat ezustea du: ustekabeko hitz jokoak eta hitzak botatzen ditu maiz. Hori dela eta, bere garaian bera izan da jende askoren bertsolaririk begikoena.