Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peloponeso

(Gr. Peloponnesos). Greziako hegoaldeko penintsula eta lurraldea, Egeo itsasoaren eta Itsaso Jonikoaren artean. 21.439 km2. Korintoko istmoak lotzen du Greziako kontinentearekin. Kostaldean nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia, eta barnealdean abeltzaintza. Zazpi nomo edo departamentu hartzen ditu Peloponesoko lurraldeak: Akaia, Argolida, Arkadia, Ilia, Korintia, Lakonia eta Messinia.  v Peloponesoko biztanleei buruzko lehen berriak K.a. 3000. urte ingurukoak dira. K.a. 2000. urte inguruan joniarrek eta 1600 inguruan ariarrek menderatu zuten. Ariarren garaian Mizenasko kultura eta zibilizazioa nagusitu ziren, K.a. X. mendean doriarrek hartu zuten arte. K.a. X-VII. mendeen artean Argos, Elide eta Esparta hiriak eraiki ziren eta Peloponeso osoa Espartaren nagusitasunaren mendean batu zen; Espartak Peloponesoko liga eratu zuen eta Greziaren gaineko nagusitasuna eskuratu nahi izan zuen baina Tebasek aurre egin zion. K.a. 338an mazedoniarrek korintotar liga eratu zuen eta harengandik askatu asmotan akaiar liga sortu zen, baina azkenean biek bat egin zuten Esparta menderatzeko. Geroago akaiar liga korintotar ligatik bereizi eta erromatarren alde agertu zen; laguntza hari esker erromatarrek Peloponeso menderatu zuten K.a. 140an. Erromatarren mendeko lurralde bihurtu zenean Peloponesok antzina izandako indarra galdu zuen eta 1828an Grezia burujabearen lurralde bihurtu zen arte etengabeko erasoak jasan zituen, eslaviar, veneziar, otomandar eta bizantziarren aldetik besteak beste.  v  Peloponesoko gerra. K.a. 431-404 bitartean Espartaren eta Atenasen artean izan zen gerra. Gerra haren ondorioz Atenasek ordu arte Grezian izan zuen nagusitasuna galdu zuen. Tuziridek eman zuen gerra haren berri. ik. Grezia, Greziako historia.