Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Petri

Brasilgo bi enperadoreren izena.  v Petri I.a. Brasilgo lehen enperadorea, Portugalgo Petri IV.a erregea (Queluz, Lisboa, 1798 - Lisboa, 1834). Portugalgo Joan VI.aren semea zen. 1807an Brasila ihes egin zuen Napoleonen erasoek behartuta, eta 1821ean, Brasilgo erregeorde izendatu zuen aitak. 1822ko irailaren 7an, independentzia aldarrikatu zuen Ipirangan (Sao Paulon), eta enperadore bihurtu zen. Bere joera autokratak eta Argentinaren aurkako gerrak (1826-1827) matxinada bat eragin zuten hiriburuan (1831ean); haren ondorioz, Petri II.a semeari utzi behar izan zion kargua eta Frantziara erbesteratu. Aita hil zenean (1826) Portugalgo errege bihurtu zen, baina Maria II.a alabari utzi zion kargua.  v Petri II.a. Brasilgo bigarren eta azken enperadorea, Dom Pedro de Alcántara izenaz ezaguna (Rio de Janeiro, 1825 - Paris, 1891). Petri I.aren semea zen; sei urte zituela, aitak utzi zion kargua. Erregeorde batek izan zuen agintea Petri II.a adin nagusira iritsi arte (1840). Uruguai eta Paraguai babestu zituen Rosasen diktaduraren aurka, eta Solano López-i, Paraguaiko diktadoreari, aurre egin zion (1866-1870 urteetan). Esklabotasuna abolitzeko erabakia hartu zuen 1888an; erabaki horrek enperadorearen aurka jarri zituen lurjabeak, eta errepublikazaleen matxinada batek kargutik kendu zuen (1889). Europara erbesteratu behar izan zuen. Ekonomiak eta politikak aurrerabide handia izan zuten Petri II.aren erreinaldi luzean.