Pedro, Alberto
Kubatar antzerki idazle, antzezle eta olerkaria (Habana, 1954 - 2005). 1987. urtean Teatromío antzerki taldea sortu zuen Miriam Lezcanorekin batera, eta talde harekin prestatu zituen bere antzerki lan gehienak. Bere lanetan Kubako aberriaren erroetan eta hurbileko errealitatean oinarritzen zen, eta giza jokabidearen ikuspegi kritikoa eskaintzen zuen Kubako errealitate aldakorraren islaren bidez. Bere obretako pertsonaiak oso errealak dira, errealismo handiko lanak idatzi ohi zituen, baina, hala ere, nolabaiteko umorea ere nabarmentzen da, eta horrek ikuslearekiko hurbiltasuna eta sinesgarritasuna ematen die bere antzerkiei. Aipagarriak dira, azkenaldiko testuen artean, Week-end en Bahía (1986, Week-end-a Bahian), Desamparado (1988, Babesgabe), Pasión Malinche (1991, Pasio Malintxea), Mestiza (1992, Mestizoa), Manteca (1993, Gantza) eta Delirio habanero (1995, Lilura habanarra). Alberto Pedrok hainbat sari irabazi zituen, eta antzerkian ez ezik, zineman ere lan egin zuen.